martes, 10 de enero de 2017

Luzaketak

Kirola egin ondoren luzaketak egin behar dira. Kirola egin aurretik luzaketak egin behar dira. Gauza guztiek daukate beren liturgia, literatura, martingala, sartera edo dena delakoa. Arauak errespetatu behar dira, gorputzak ere behar du bere maitasuna eta bere ukendua. Gero, bestela, lesioak etortzen dira, edo, beste era batera esanda, zoritxar zori txarrekoak. Kirolaren zer hau munduan diren atal edo esparru guztietara zabal liteke, edo zabaldu behar da. Nik halaxe egiten dut behintzat, eta ondo baino hobeto doakit maitasunean bezala baita ekonomia arloan ere. Luzaketak, horixe da sekretua. Giharrak eta hezurrak punttu-punttuan jarri, zuri, malgu, mardul, mailu, majo. Gorputzak dantzatzen du arima, gorputzak garuna, gorputzak sentimenduak. Gorputzari glukosa eta egurra eman behar zaizkio, eta ondoren letrak berez-berez irristatzen dira folio zurira (edo hezur kolorekora), ederrak eta sakonak, egungo edozein best-sellerren antzirudira. Baina nik ez dut ikusten inor luzaketak egiten. Zuzen-zuzenean jotzen dute Hernani, edo larrua, edo muinaren muina. Ez dut esaten itzulinguruka ibili behar denik ibili, ez, baina bost zentzumenak (nik, sei) luzatu egin behar dira, olioztatu, goxatu, Muranoko beirateria balitz bezala hauts ez daitezen. Eta politikariak okerrean. Horiek gauzkate lepotik hartuta, ezertan asmatzen ez dutela, aurrerako ihes baldar eta absurdoan. Pentsatzen dutena esaten dute aurrez mihia luzatu gabe, eta horrela uxatu egiten dute lana, lanpostua eta fabriketako ke ekologikoa. Soinketa-klase batzuk ordaindu beharko genizkieke kontribuyenteek, nik uste. Ea hala ikasten duten hitz egin aurretik pentsatzen, edo, besterik gabe, pentsatzen.



No hay comentarios:

Publicar un comentario